EUSKAL SARE GORRIAREN AZTERKETA-ZERBITZUKO 1997ko uztaileko azterketa
"JULIAZOA". 1997KO UZTAILEAN ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA.
7. TB espainiarren egunerokotasunaren erdigune eta beren desinformaziorako bitarteko nagusi bilakatu izanaren gertaera estrategikoa. Mussolini eta Hitlerren irrati faxistekiko parekotasuna.
Bazekiten beren gezurrak sinistaraz zitzazketela, oso espainiar gutxik irakurtzen baititu bi egunkari edo gehiago (berez egunkaria irakurtzen duten gutxi horien artean) eta ondorioz, nik hemen egin dudan erkaketa lan oinarri-oinarrikoa, ekitaldi berera bildutakoak 100.000tik 600.000 bitarteko manifestari kopuruen kontraesan baldarrak agerian uzteko balio izan duena, ezingo zutela egin. Ez zen hori funtsa, baizik eta, bazekitela beren gezurrak telebista bidez irentsaraziko zituztela. Kaleak leporaino betetzen zituzten jendetza handien planoak eta planoak helikopteroetatik, esatariaren ahotsak bertan milioitik gora lagun (Madrilen astelehena 14ean) edota milioi erditik gora (Bilbon larunbata 12an) zeudela esaten zuen bitartean, ikusleek kopuru horiek epaitzeko trebakuntzarik ez dutela jakinik, beren begiez hainbeste jende ikusita entzuten ari ziren kopuru faltsuak sinistuko zituztela jakinik. (Ikus EUSKAL SARE GORRIAren website honetan bertan Telebista, nik idatzitako La negación vasca radical del capitalismo mundial liburuko Hamelingo xirulajole modernoa izeneko azpikapitulua.
Datu erabakigarriak EL PAÍSek argitaratu zituen joan den martxoaren 19an: 1) espainiarren %88k albistegien bidez jasotzen du gertatzen denari buruzko informazioa; 2) espainiarrek egun eta pertsonako 210 minutu ikusten dute telebista batez beste, eta batez beste 113 minutu entzuten dute irratia pertsona eta eguneko.
Espainiako telebista kontsumoak leku nabarmena du 1994an Europan. Bertan telebista aparailu bat zegoen etxeen %26ean Ikusentzutekoen Europako Behatokiaren 1996ko Estatistiken Urtekariaren arabera. Euskal Herrian ere, esaterako Euskal Autonomi Elkartean guztira dauden 633.000 familietatik 623.600ek kolorezko telebista dute eta 26.500 txuri-beltzezkoa, eta TBan filmeak ikustea da alde nabarmenez hiru herrialdeetan aisialdian egindako iharduera nagusia (%88 Bizkaian, %86 Gipuzkoan eta %85 Araban).(11)
Ezin inolaz ulertu egungo gizartearen funtzionamendua espainiar estatuan, gertaera erabakigarri BERRI bat albora utzita: alegia, telebista egunerokotasunaren erdigune eta bilgune bilakatu dela, espainiarren eguneroko bizitzan beste inori baino izugarri denbora gehiago eskaintzen diotela telebistari, entzutzen eta ikusten dutela telebista. Karl Marxek orain dela 126 urte gertakari hau aztertzeko (eta egiten ari naizen JULIAZOa aztertzeko) hitz ezin aproposagoak idatzi zizkion Kugelmani: "Orain artean erromatar inperioaren menpeko mito kristauak inprentarik ez zegoela eta sortu ziren ustea zegoen. Guztiz aurkakoa gertatzen da. Egunkariek eta telegrafoak ziztu bizian barreiatzen dituzte beren asmakeriak unibertso osoan barrena, iraganean mende osoan baino mito gehiago sortuz egun bakarrean (artalde burgesek sinistu eta zabaltzen dituelarik)".
Marxek ez zuen irratiaren eta telebistaren erabileraren hedapen itzela ezagutu. Baina ezinbestekoa da Maria Antonieta Macciocchik aztertutakoaren arabera, "egun mass-media deritzegunen kontrolaren eta jabetzaren bidez" italiarfaxismoak lortu zuena gogoratzea hemen: "azken batean, komunikabide eredu ezberdinek bere gain hartu zuten propaganda funtzio izugarriaz ari gara Irratia zen hogeita hamarreko hamarkadako masa komunikabide nagusia. 1932an 305.120 irrati zegoen Italian, 1935ean 530.000, 1938an milioi bat. Baina entzule kopuru errealera hurbiltzekotan bost aldiz bidertu beharko dugu kopuru hori 1943ko uztailera arte milioika herritar kirtendu zituen errgimenaren irratiak aztertzear dago oraindik faxismoak eta nazismoak mass-medien eta beren masa psikologiaren bidez masa gainegitura manipulatzeko duten ahalmena". (12) JULIAZOa hain zuzen ere, espainiarra bezalako gobernu "ustez" demokratiko batek, masa mobilizazio faxista bat plan bati jarraiki antolatzerakoan telebistak egin dezakeenaren adibide bikaina izan dugu.
Plan bati jarraiki diot nabarmena baita JULIAZOa masa mobilizaziorako egitasmo zabal eta zehatza izan dela, eta ondokoez baliatu direla: 1) estatuaren administrazio perferikoaren bitartekoez (Autonomi Elkarteetako
Gobernu Ordezkaritzak eta herrialdeetako luzapenak) eta gobernuko alderdiaren esku dauden udalak gehi Ajuria Enea, Madril eta Iruñeko itunak gehi administrazio publikoen diruz lagundutako talde "bakezaleak", eta 2) masa komunikabideez, bereziki telebistaz. Espainiar gobernuak duela aste asko prestatutako plan eta Ortega Lara espetxe-funtzionarioa (Barne Ministroak uste, espero eta bere jardueraz bultzatzen zuen arabera) ETAk hilda agertuko zenean abiaraziko zen plana. Ortega Lara Estatuko Segurtasun Indarrek aske utzi zutenez, PPko zinegotzia ETAren esku gelditzean abiarazi zuten plan hura.
Gobernu Ordezkaritzak eta udalak, terrorismoaren aurkako itunak eta diruz lagundutako talde "bakezaleak" funtsezkoak izan ziren ekitaldiak antolatu eta deitzeko. Baina komunikabideak izan ziren, eta irrati eta telebisten aldibereko erabilera koordinatua nagusiki, mobilizazio egitasmoaren giltzarria.
Osteguna 10ean bertan EGUNEROKOTASUNA ETEN ZUTEN telebistek zinegotziaren egoerari buruzko telesaio bereziak eskainiz. TV1k eta A3k zuzenean eman zuten Barne Ministroaren prentsaurrekoa eta ikus-entzule gehien izan zituzten bost telesaioetatik hiru afera honi buruz ziharduten: TV1eko telesaio berezia (3,8 milioi ikus-entzule), Telediario-2 (3,7 milioi) eta Antena3ko saio berezia (3,6 milioi). Telebista eta irratietako ohiko saioak etete hutsarekin ALARMA SOZIAL delakoaren BEREHALAKO sentipen larria eragitea lortu zuen gobernuak.
Ostiralaz geroztik telebista guztiek Erregimenaren (espainiar erregimen nazional-kapitalistaren) telebista bakarreko parte direla erakutsi zuten, beren ikurren ordez lazo urdina jartzean. Neurri erraz bezain eragingarri honek ikus-entzuleen EGUNEROKOTASUNA ETEN ZUEN berriro ere, salbuespen-egoeraren etengabeko oroigarri. Aipatu dut gorago telebista ezberdinek (irratiek lagunduta eta haien lanaren oihartzuna handituz) larunbat goizean Bilboko manifestazioan buru-belarri nola jardun zuten, asteburu arrunt bateko egunerokotasuna zeharo aldatuz. "Gaurk egunak ezin du gainerakoak bezalakoa izan" izan zen Barne Ministroaren agindua, EL MUNDOk azalean orribeteko titulu gisa argitara emana. Telebistek eta irratiek bere gain hartu zuten ardura larunbat hori (eta biharamuneako igandea ere) beste edozein asteburu bezalakoa izan ez zedin.
![]() |